
Ikasturtea hasi da, berriz ere ikastola eta ikastetxeak haur eta nerabez bete dira, irakaslez, baita sukaldari, garbitzaile, hezitzaile eta autobus gidariz. Guztiak elkar ikusteko gogoz, berriz ere normaltasun apur bat berreskuratzeko beharrarekin.
Mahi-Mahi jantokia eta patioak martxan dira, 6 hilabeteren ostean, eta honek ezin gaitu zoriontsuago egin. Ez da ohiko ikasturte hasiera izan, gure zerbitzuetan moldaketa, neurri eta muga berriak txertatu behar izan ditugu COVID-19aren ondorioz. Baina gure jantoki eta patioek ahalik eta normaltasun handienez funtziona dezaten esfortzua egin dugu, beti ere ikasle zein langile guztientzako segurtasun eta higiene neurriak bermatuz.
Musukoak, segurtasun distantzia, burbuilak, eskuen etengabeko garbiketa, aireztapen jarraitua, baita gainazal eta espazioen garbiketa eta desinfekzio konstantea Mahi-Mahiren egunerokotasun berriaren parte dira dagoeneko.
Baina Mahi-Mahin segurtasun eta higiene neurri eta protokoloetatik harago joan gara. Haur eta nerabeen ongizatea dugu lehentasun eta euren osasuna COVID-19aren aurkako neurriekin soilik ez, baita elikadura osasuntsu eta orekatuaren bidez, zein euren alderdi psiko-emozionala landuz zaintzen dugu. Esperientzia seguru, eroso, dibertigarria eskainiz, euren gozamenerako eremuak sortuz eguerdiko aisialdi garaian.
Musika, sentimenduak, erlaxazioa, jolasak… Egungo beldur, tentsio eta mugak bide berriak jorratuz uxatuko ditugu. Mahi-Mahi barkua itsasoratu da beste urte batez, gure piratekin batera hamaika abentura bizitzeko gogoz. Eguerdi garaia gozamenerako oasi txiki bat bilakatuz.