
Mahi-Mahik irakurtzeko txoko bat jarri du Jesuitak Donosti Ikastetxeko patioan. Hezkuntza-zentroarekin batera garatu den esperientzia hau etengabe egongo da erabilgarri.
Patioak eskaintzen dituen aukerak garatzeko bidean sortu den proiektua da Jesuitak Donosti Ikastetxeko patioan dagoen irakurketa txokoa; espazioa birpentsatuz sortutako esperientzia berria hain zuzen. Beste hainbat Mahi-Mahi patioko dinamizazioren gisan, eguerdiko tartean ekintzak dibertsifikatzen direnaren proba bat.
Anitzak dira irakurketak eskaintzen dizkigun onurak, gauza jakina da. Irudimena eta sormena bezalako trebetasunak garatuz, liburuak gaitasunak eskuratzen laguntzeko tresna interesgarria dira. Barnekotasuna lantzeko aukera eskaintzen digu irakurketak, beste mundu batzuetan barneratzekoa, gauden lekutik urrun gertakariak bizitzekoa, ikastekoa eta baita elkarbanatzekoa ere!
Izan ere, azken ideia horren baitan sakondu du batez ere Mahi-Mahik Jesuitak Donosti Ikastetxeko patioan dagoeneko martxan dagoen irakurketa txokoa. Bertan liburu bilduma bat gehitu zaio patioko jolasen karroari. Eta materiala ez ezik, txokoaren banaketa eta egokitzapena ere garatu dira. Piratek elkarrekin denbora igaro, liburuen inguruan elkarrizketan jardun, ideiak elkarbanatu, eta txokoaren erabilpenean pertsonen arteko harremanetan sortu daitezkeen erronkei aurre egiteko beta izango dute bertan. Ideiak partekatu eta material zein espazioa partekatuko dituzte.
Txokoaren banaketak bere aldetik, erakargarritasuna eta irakurketarako testuinguru aproposa finkatzea ditu helburu. Honela bada, ikasleak goxo eta babestuta senti daitezen hamaka koloretsu eta eroso batzuk osatu dute patioko tokitxoa. Ezinezkoa da ez gerturatzea! Eta liburuak gordetzen dituen saskiak 14 liburu ditu momentuz, guztiak irakurketa dibertigarri eta hezigarri batera bideratuta. Jolasen karroari lotuta dagoenez, hau bezalaxe une politak igaroz jakintza eta jolasa lotzea ditu helburu material gehigarriak.
Begiratu gure liburutegia!
Liburutegiak era guztietako ikasgaiak gordetzen dituzten istorioak ditu. Honela, Mahi-Mahiko pedagogia taldeak egin duen aukeraketan hezkidetza, aniztasuna, beldurrak, zaintza, emozioak, harremanak eta familia bezalako langaiak jorratzen dituzten testuak aurki daitezke.
o Koloretako monstruoa
o Elmer
o Betiko
o Monstruo arrosa
o Monstruoek ere pixa egiten dute ohe azpian
o Tximeleta belarriak
o Arraroa
o Arturo eta klementina
o Buruko hura nork egin zion jakin nahi zuen satortxoa
o Ortzadar arraina
o Kezkamuxelak
o Bost minututako lasaldia
o Neskak eta mutilak
o Piztiak bizi diren lekuan
Bitakorara itzuli